XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mezatara joatea ez duk ostatuaren baldintzetan sartzen otu zitzaidan.

Herrian gurasoei zor nien begiruneagatik joaten nintzen mezatara.

Gainera, elizkizunak merezi dituen itzal eta seriotasuna galduak nituen aspaldidanik.

Aurrez hitz eginaren kariaz, abenidako café Madriden hasi nintzen lanean, kamarero, edo hobeto esanda, kamareroen pintxe.

Gaur Lan Kide Aurrezkiak sukurtsala duen lokalean bertan.

Goizak libre nituen, baina lotarako erreserbatuak normalean, gauez berandu arte jardun behar izaten bainuen.

Gau-orduak ziren nagusiarentzat errentagarrienak eta hortik ez nuen eskapurik.

Gauean kalez kale bakarrik ibiltzeak aparteko atsegina sortzen zidan.

Malenkoniatsua nintzen eta bakardadea laket nuen.

Sarri La Rotonda dantzalekura joan ohi nintzen.

Ingelesak eta suekak ziren han mutil gazteen anbizio asegai desiratuenak.

Fama zen neska hauekin erraz ligatzen zela orduan, horrela bertakoen errepresio sexuala azpimarratu nahi zelarik.

Parte Zaharrean, ezaguna eta hiruzpalau urtez zaharragoa nuen Joseanekin egin nuen topo.

Josean zapata-garbitzaile baten semea zen, umetan haur zurtz eta Seguran abandonatuen kolonietan egona lanerako adina iritsi zitzaion arte.

Niki horia, tergalezko galtza txuri arinak, plaierak, eskuineko ukaraian Rolex garesti itxurakoa eta eki-betaurrekoz jantzia, harroxka paseatzen zuen balandrista koloreko bere larru beltzarana.

Esku finak, edukatua, gorputz liraina, egundoko harrera egin zidan.

Apal eta uzkur sentitu nintzen eskarmentu handiko mundutarraren ezusteko abegi loriatsuaren aurrean.

- Hi, goazemak zerbait hartzera gonbidatu ninduen bizkarrean esku-zartatxoak emanez, elkar topatzea zorioneko menturaren protokolo harranditsuz ospatu nahirik.